

Biasteriko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa bueltan da
Pintxo harrigarri berriekin, lehiaketak ibilbide gozo-gozoa proposatuko die laguardiar eta bisitariei. Datorren asteburuan, abuztuaren 27an eta 28an, Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa egingo da Biasterin, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren.
Biasteriko Enpresak Dinamizatzeko Elkarteak (DELA) Arabako Foru Aldundiarekin, udalarekin eta bere turismo bulegoarekin eta Erdi Aroko hiri eta hiribilduen sarearekin elkarlanean antolatzen duen lehiaketan parte hartuko dute hiriko establezimenduek.
Herri epaimahaia, berriz, gutxienez 2 pintxo ezberdin dastatu eta gustukoenaren alde bozkatzen duen publikoak osatuko du, taberna bakoitzean eta Guardiako Turismo Bulegoan aurki daitekeen lehiaketa honen liburuxka betez. 2 establezimendutako 2 zigilu lortzen dituztenean, liburuxka turismo-bulegoan bertan eskuragarri dagoen hautestontzian sartu ahal izango dute.


Botoa ematen dutenen artean bi lagunentzako asteburu bat zozkatuko da Hondarribian. Herri epaimahaiaren saria boto gehien lortu dituen pintxoak jasoko du.
Epaimahai profesionalak ez du lan erraza izango pintxo profesional onena aukeratzen, eta pintxoaren aurkezpena, zaporea eta konposizioa hartu ditu kontuan. Parte hartu duten establezimenduek kolonaurreko osagaiak baino ezin izan dituzte erabili, eta horrek elaborazioa zailtzen du eta lehiaketari garrantzi handiagoa ematen dio.
Aurtengoak maila oso altuko lehiaketa izango dela agindu du. Publikoaren iritziak erabakiko du zein pintxori dagokion pintxo herrikoi onena.